XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Perurenak, berriz, apo tipiaren burutazioak

Juan Mari Lekuonak Mimodramak eta ikonoak argitaratu

Juan Mari Lekuonak Mimodramak eta ikonoak izeneko poesi-liburua argitaratu du Erein argitaletxean.

Patziku Perurenak, berriz, Harripilatan ezkutatu zeneko apo tipiaren burutazioak.

Jose Migel Barandiarani eta Jorge Oteizari: sinesteen kulturan eta euskal estetikan zeini berea zor diedana eskertuz ondu du Juan Mari Lekuonak bere azken poesia.

Izan ere, berak aitortzen duenez, Barandiarani zor dio gizonaren ikuspegi aberatsa.

Oteizari, berriz, ikerketa estetikoaren egarria.

Ziklo berriari zabaldu nahi izan dizkio ateak Oiartzungo poetak bere 62 urterekin.

Mindura gaurekin hasi zen 1966an.

Muga beroakekin jarraitu zitzaion 1973an, 6 urte geroago Ilargiaren eskolan bilakatu zen.

Liburua agortu arte ez zaio berriari ekiterik gustatzen Juan Mari Lekuonari.

Eta agortutakoan ziklo berri bati heltzen dio.

Mimodramak eta ikonoak, poema laburrez osatua da, ahozko hizkuntzaren baliabideez eta iruditeria landuz ondua.

Bi zatitan banatzen du liburua: Gruteskoak eta Planeten adar-biran.

Lehenengoan, kobazulotik datorren mundu bortitza irudikatzen du: izuen genesia (obertura, larru ikara, eztanda, auria, oihanean eta estigmak), fantasia beltza (magma, erretaula, alegoria, racconto 1. racconto 2 eta espeleofobia) eta atabismoak (zirrarakoak, lilura zurbilak gauean, amiltzean, amaren altzotik, oihaneko drama eta herio).

Bigarrenean: kalendera (Otsail, Bedatse, Ekain, Agor, Larrazken eta Eguberri), enblematika (Artizar, Eguzki, Ilargi, Hodei, Tximist, Atarrabi, Bereterretxe, Axular, Berdabio eta Barandiaran).

Harripilatan ezkutatu zeneko apo tipiaren burutazioak

Hain bere duen Nietzche-ren bidetik kontatzen dizkigu Patxiku Perurenak Harripilatan ezkutatu zeneko apo tipiaren burutazioak, leitzarrak duen hizkera erraz eta aberatsean.

Hiruzpalau urte zituela etxe ondoko harri pilaskan babesten ikusi zuen apo tipiak lagundu dio burutaziotan eta nobelaren hariaz baliaturik kontatu dizkigu.

Patziku Perurenak 1977 aldera egin zuen topo bere barruan zeraman hizkuntz altxorrarekin.

Arrasateko Eskola Profesionalean Ikasketa Teknikoak egiten ari zela.

1984ean, Irun Saria irabazi zuen poesian: 1986an. Nafar Ateneoaren ipuin saria: urte berean, poesian.

Azkue Saria; 1988an, Xalbador Saria; 1989an, Rikardo Arregi Saria, baloraziozko kazetaritzan; 1990ean, Xalbador Saria, poesian.

Harritzekoa bada ere, eskutan duzun lan hauxe da, saririk merezi gabe argitaratzen duen aurrenekoa ohartarazten du Erein argitaletxeak irakurlegoa, liburua are eta tentagarriago bihurtzeko, noski.